Gau Beltza ospatuko dute gaur Zarautzen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urriaren 31

Iaz ere Gau Beltza ospatu zuten Zarautzen Jalgik eta Alprojak antolatuta. (Jabi Gonzalez Toston)

Gau Beltzak hasiko du neguko festen zikloa. Euskal Herriko ohitura zaharra berreskuratu eta jaian parte hartzera deitu ditu herritarrak Jalgi dantza taldeak.

Gaur, urriak 31, Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatuko dute Zarautzen, inguruko bese hainbat herritan bezala. Askok kanpotik iritsitako festa dela uste badute ere, Euskal Herrian ere ospatu izan dela gogoratu dute hainbat eragilek. Jalgi dantza taldea arduratuko da festa antolatzeaz Zarautzen, eta jaiaren jatorria argitu du ohar bidez. "Ameriketako Estatu Batuetako Halloween jaiaren hotsak guregana iritsi aurretik, udazkeneko arratsalde ilunetan kalabaza arimadunek Euskal Herriko bide bazterrak argitzen zituzten". Hala, azken urteetan hainbat antropologok eta idazlek egindako ikerketetatik abiatuta, Euskal Herriko hainbat elkarte ari dira Gau Beltzaren jaia berreskuratzeko lanean. Horixe da Jalgiren asmoa ere: Zarauzko kaleetan ere jai horren oihartzuna berpiztea.

Gau Beltzak hasiko du neguko festen zikloa: "Badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedarekin amaitzen da, makilen hotsarekin berriro lurra esnatuz". Usadioak dio Gau Beltzean hildakoak hilobietatik ateratzen direla. "Hildakoek eta bizidunek elkarrekin igarotzeko gaua irudikatzen du jaiak: hori bai, hildakoek bizidunak ezagutu behar ez dituztenez, bizidunak aurpegiak estalita aterako dira kalera".

Jalgi dantza taldeak, jaia berreskuratzearekin batera, haren jatorrizko euskal kutsua ere gorde nahi du, eta erdarazko esamoldeen ordez, euskaraz Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri erabiltzea proposatu du.

Kalabazak plazara

Jalgi dantza taldeko kideak 19:00etan Imanol Urbieta musika eskolatik aterako dira kalejiran, Alprojako kideekin batera. Kasino kaletik Gipuzkoa kalera, eta handik Kale Nagusira abiatuko dira. Torre Luzean geldialdia egingo dute, eta handik Musika Plazara joango dira. Montetxio abesbatzakoak izango dituzte bertan zain. Plazan kantatu eta dantzatu ondoren, Jalgikoak Ipar kaletik, Santa Marinatik eta Herrikobarratik barrena sartuko dira Lege Zaharren Enparantzara, festa amaierako ekitaldia egitera. Alprojakoak bitan banatuta joango dira Lege Zaharren Enparantzara: batzuk Zigordia kaletik eta besteak Ipar kaletik nahiz Barren plazatik barrena.

Jalgik zarauztarrak festan parte hartzera gonbidatu ditu. Horretarako, ibilbidera mozorrotuta agertu daitezke, etxetik hartutako edozein trapu jantzi eta aurpegia estalita. Horrez gain, 18:00etan herritarrek Lege Zaharren Enparantzara hustutako kalabazak eramatea nahi dute, asmoa plaza kalabazaz betetzea baita.

Hilerri zaharra

Santu Guztien Egunaren harira, beste jarduera bat ere antolatu dute Zarautzen. Aranzadi zientzia elkarteko kideak mantenu lanak egiten aritu dira azken egunotan Zarauzko Arte eta Historia museoko aztarnategian. Horren ondare arkeologikoa behar bezala kontserbatzeko garbiketa lanak izan dira egin dituztenak; izan ere, herriko hilerririk zaharrena dago bertan, eta mila urtetik gora dituzte hilobiek.

Santu Guztien Egunaren aitzakian, bisita gidatu berezia antolatu dute herritarrek Zarauzko hilerri zaharrena bertatik bertara ezagutu dezaten. Museoko ordezkariek azaldu dutenez, parte hartzaileek gertutik ezagutu ahalko dute "arbasoen historia". 16:30ean eskainiko du museoak horretarako aukera, eta, bi eurokoa izango da sarrera. Izen ematea egunean bertan egin dezakete interesdunek, 16:00etatik aurrera, baita aldez aurretik ere museoan bertan, info@menosca.com helbidera mezua bidalita edota 943-83 52 81 telefono zenbakira deituta.

EGITARAUA

Gaur, urtarrilak 31 
Aia
- 18:00etan hasita, herriko plazan barrena ibilbide misteriotsua egingo dute, eta talo jana izango da guraso elkartearen eskutik. 
Getaria
- 19:00etatik aurrera, plazan elkartuko dira haur eta gaztetxoak mozorrotuta, elkarrekin dantza egiteko eta gaztaina erreak jateko. Gure Txeru elkarteak antolatu du festa.
Orio
- 17:30ean, Txurrumuskik haurrak makillatzeko hiru gune jarriko ditu herriko plazan. 
- Ondoren, haurrak ibiliko dira eskean kalez kale, festarekin bat egin duten saltokietan.
- 18:00etan, txokolate jana izango da herriko plazan.
Zarautz
- 19:00etan, kalejira Jalgi dantza taldearen eskutik. Irteera musika eskolan izango da, eta Lege Zaharren Enparantzan amaituko dute ibilbidea.

Bihar, azaroak 1 
Zarautz
- 16:30ean, Zarauzko hilerri zaharrenaren ondare arkeologikoa ezagutzeko bisita gidatua. 

 
HIRIBUSAK ZERBITZU BEREZIAK

Urtero bezala, Zarauzko Hiribusak zerbitzu berezia eskainiko du Santu Guztien Egunaren bueltan. Errefortzu horren bitartez, gaur eta bihar Hiribusak Zarauzko hilerrira joateko zerbitzua eskainiko du. 
Honako hauek dira ordutegiak: gaur, bigarren linea, 10:27 eta 12:27ean; bihar, linea mistoa, 10:27, 11:57, 13:57, 14:27, 17:27 eta 18:27ean

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide