Noiztik parte hartzen duzu Bertakoak egitasmoan?
Paraguaik urte asko daramatza egitasmo honetan parte hartzen, ia-ia hasieratik. Beti saiatu gara halako dinamiketan presente egoten. Urte dezente dira Zarautzera etorri nintzenetik, eta oso gustura nago hemen, bertakoen artean bizitzen eta beren janariaz gozatzen. Azken finean, hortik sortu zen Bertakoak, hau da, bi noranzkoko elkar ulertzetik: gure tradizioa, eta, nola ez, janaria erakusteko egitasmoa da. Egunero jaten dugunarekin gurea den zatitxo bat eskaini nahi dugu euskaldunen mahaian.
Zarauztarrek nola jasotzen dituzte zuek prestatutakoak?
Oso ongi, interes handiarekin. Gogoan dut behin Iñurritzako jubilatuen eta pentsiodunen elkartean tokatu zitzaigula sukaldean egitea, eta itzel pasatu genuela. Esperientzia benetan zoragarria izan zen. Oraindik ere gordeta ditut orduko argazkiak.
Zer da bertakoei gehien gustatzen zaiena?
Harrera oso ona izan ohi dute Paraguaiko tortillak, baita arto bolatxoek ere. Guk bori-bori deitzen diegu bolatxo horiei. Eta, nola ez, zopa paraguaitarra ere gustuko dute. Gainera, mahaikideei kontatu egiten diegu jaki horren historia zein den. Izan ere, jendeak zerbait likidoa espero du, baina solidoa da: artoz eginiko pintxo moduko bat da. Sekulako ezustekoa hartzen dute. Uste dut zopa solidoa kozinatzen dugun bakarrak garela Latinoamerika osoan.
Oraingo honetan ere menua errepikatuko al duzue? Ala izango da zerbait berririk?
Aukera horretan pentsatzen ari gara. Era berean, kroketa paraguaitarrak prestatu nahi ditugu, herritarrek gure herrialdean nolakoak egiten ditugun dasta dezaten. Euskal Herrian asko kontsumitzen den pintxo bat da kroketarena, eta aukera polita iruditzen zaigu gure errezeta mahai gainera ekartzea. Azken finean, gureak haragia eta ogi birrindua baino ez daramatza. Ea nolako onespena jasotzen duen!
Egitasmoan parte hartzen aritu ondoren, integrazioa errazagoa izan dela uste al duzu?
Integrazioa asko hobetu da. Elkarrizketatu ninduten azken aldian, hori «amets bat» zela erantzun nuen. Hemezortzi urte daramatzat herrian, eta gaur egun esan dezaket lortu dela integrazioa. Zentzu horretan, oso zoriontsu gaude. Harro esan dezaket herritar bat gehiago naizela egun, familia handi bateko kide.