Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta apartamentu nahiz etxebizitza turistikoen eraginari buruzko azterlana jarriko du martxan Zarauzko Udaleko Hirigintza departamentuak. Azterlanaren helburua da gaur egun Zarautzen dagoen etxebizitzaren sektorearen diagnosia egitea eta lehen proposamenak osatzea, "ondoren egoerari modu egokienean heltzeko eta aurre egiteko informazio zehatza nahiz erabilgarria eduki ahal izateko”, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek jakinarazi duenez.
Azterketatik jasoko dituzten diagnosiak eta proposamenek aukera emango dio Udalari herritarrekin eta gaiari lotura duten eragileekin hausnarketa prozesu bat abiatzeko. Baita horren bidez hartu beharreko erabakiak hartzeko ere, epe laburrera –sortu edo aldatu behar diren ordenantzak, adibidez– eta epe luzera –ZHAPOren berrikuspenean txertatzekoak–. Oiarbidek gaineratu duenez, honakoa emango duten "lehen pausoa" da, eta, horrela, "datuetan oinarritutako ikuspegi bat" aterako dute eta mahai gainean jartzeko proposamen batzuk landu, "ondoren zarauztarrekin elkarlanean gaia jorratzeko”.
Bestelako neurriak
Zarautz etxebizitza eskari handiko herria dela berretsi du Oiarbidek. Herriak dituen "ezaugarriengatik eta bizi-kalitatearengatik erakargarria" zaio jendeari, eta zinegotziaren esanetan, horrek eragina du erosketarako nahiz alokairurako eskarien eta prezioen. Azken bi agintaldietan, Udal Gobernuak Etxebizitza Plana baliatu duela gogora ekarri du, "Zarautzen Etxebizitza arloan behar zuen bultzada emateko, babes maila desberdinetako etxebizitzak zein merkatu librekoak eraikiz”.
Hartutako neurriak "oso baliagarriak" izan direla adierazi du Udal Gobernuak; batetik, herritar askok etxebizitza berriak eskuratu ahal izateko, eta, bestetik, bigarren eskuko etxebizitzak merkaturatzeko edo alokairura ateratzeko. Hala ere, bestelako neurriak hartzeko beharra sumatu dute, "bereziki, epe laburrera begira". Horretarako, etxebizitzaren egoera eta etxebizitza nahiz apartamentu turistikoen egoera aztertzeko erabakia hartu du udalak, baita behe solairuetako lokalen egoera ere; izan ere, "horietan etxebizitza tasatuak egin daitezke kasu batzuetan eta apartamentu turistikoak beste batzuetan".
Udalak indarrean duen ordenantzan jasota dago etxebizitza bihurtzeko aukera duten lokalen zerrenda. Hala ere, zerrenda horretan jasota egoteak ez du bermatzen lokal hori etxebizitza bihurtzeko aukeraren bideragarritasuna. Azken urteotan etxebizitzek bete beharreko bizigarritasun baldintzen inguruan onartu den legeria dela eta, zerrenda horretako zenbait lokalek ez dute aukerarik bertan etxebizitza egokitzeko. Beraz, ordenantzak berrikuspena behar duela antzeman dute.
Apartamentu turistikoak jomugan
Horrez gain, behe solairuetako 25 lokal inguruetan eraiki dituzten apartamentu turistikoak Zarauzko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean jasotakoaren arabera ahalbidetu dira. Zarauzko Udalak ez dauka, gaur gaurkoz, gai horren inguruko erregelamendu propiorik, eta arautu beharrekoa dela iritzi dio Udal Gobernuak. Bide beretik, etxebizitza turistikoei buruzko eztabaidak garrantzia handia hartu du.
“Zarauzko kasuan, etxebizitza direla ulertu den heinean, ez dira orain arte arautu, soilik Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak ezarritakoa bete behar izan dute, baina kezka sortzen duen gai honi heldu nahi dio udal gobernuak”, gehitu du Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak. Bide horretan, Eudelek etxebizitza turistikoen gaia lantzeko aste honetan egingo duen bileran hartuko du parte Oiarbidek.