Adiskidetasuna eta 'giro ona' nagusitu dira Kortxozko Arrantza Lehiaketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 30a

Hogei lagunetik gora izan dira Arkaitz Mendi eta Galeperra elkarteek antolatutako txapelketan parte hartu dutenak eta Santiago Onil bilbotarrak bildu du pisu gehien. Pieza handiena, berriz, Oscar Ramosek arrantzatu du eta Angel Mari Sanchez 'Maki' izan da zarauztarrik onena.

"Oso pozik" azaldu dira asteburuan jokatutako Kortxozko Arrantza Lehiaketako antolatzaileak txapelketak izandako erantzunarekin. Azaldu dutenez, 80 kilo inguru arrantzatu dituzte orotara parte hartu duten 22 lagunek, eta, itsasoko baldintzak aintzat hartuta "azpimarratzeko kopurua da"; izan ere, "sei metro inguruko olatuak" izan zituztela diote.

Nolanahi ere, arrantzatutakoa baino, parte hartzaileen artean izan zen "giro zoragarria" nabarmendu dute: "Sekulakoa izan zen txapelketa osteko afaria. Lagun artean egin artean egin genuen eta ezin atseginagoa izan zen. Gainera, Bizkaitik, Nafarroatik, Kantabriatik [Espainia] eta Errioxatik [Espainia] etorritakoak ziren parte hartzaileetako batzuk". Txapelketa antolatu zuten bi elkarteak, Arkaitz Mendi eta Galeperra, arduratu ziren otordua prestatzeaz ere eta irabazleek jatera eseri baino lehen jaso zituzten beren sariak.

Azken horren harira, Santiago Onil Bilbotarra izan zen txapelketako irabazlea hark lortu baitzuen gehien arrantzatzea, pisuari dagokionez, behitzat. Bigarren Gaizka Gutierrez oriotarra sailkatu zen eta hirugarren Angel Mari Sanchez Maki zarauztarra eta Arkaitz Mendiko kidea. Hain zuzen ere, Maki izan zen onena etxeko ordezkarien artean.

Sari bereziak

Antolatzaileek azaldu dute, halaber, Zarauzko itsasoko baldintzak ikusita, herritik kanpo aritu zirela parte hartzaile gehienak, Lekeition, Pasaian eta Jaizkibel inguruan, batik bat. Edonola ere, izan zen Zarautzen geratu zenik, eta bertan harrapatu zuten, hain zuzen, eguneko pieza handiena: kilo eta 400 gramoko akerra. Oscar Ramos bizkaitarra izan zen sariduna. Gainerakoan, gehienbat sarboak arrantzatu zituztela zehaztu dute antolatzaileek. Bada, arrantzatutako pieza horiek guztiak babesleen artean banatu zituzten eta "gustura" hartu zituztela adierazi dute.

Bestalde, parte hartzaile beteranoenari ere egin nahi izan zioten aipamen berezia. 74 urte dituen Pedro Silvan izan zen hori, etxekoa, gainera, eta, nabarmendu dute, nahiz eta itsaso zakarra zegoen arroka artean aritu zela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide