Bilera irekia deitu dute Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren harira

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 29a, 10:00

Euskara zinegotzi Irune Urbieta erdian, Euskara departamentuko kideekin. (Zarauzko Udala)

Azaroaren 7an izango da, 19:00etatik aurrera, Etxezabalako bilera gelan. Bertaratzeko interesa dutenek online bidezko galdetegi bat erantzun behar dute.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egiten ari dira Zarauzko Udalean, eta behin onartutakoan, 2023-2027 urte bitartean egongo da indarrean. Planaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta indartzea udalerrian, eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute herritarren nahiz eragileen ikuspegia, iritziak eta ekarpenak bertan jasotzea. Hori horrela, parte hartze prozesuko bilera berria antolatu dute, eta datorren azaroaren 7an egingo dute .

Maiatzean abiatu zuten euskara plana osatzeko parte hartze prozesua. Euskara zinegotzi Irune Urbietak gogora ekarri duenez, sei bilera egin zituen Euskara departamentuak "hainbat arlo esanguratsuetan" lan egiten duten eragileekin: “Bilera horietan aisialdia, kirola, hezkuntza, ostalaritza, merkataritza eta euskalgintza bezalako arloetako 25 lagunek hartu zuten parte. Eta, nork bere arloan, eta egunerokoan, euskara sustatzeko izaten dituen aukerez eta zailtasunez hitz egin zuten; finean, gure herrian euskarak duen egoera aztertu, ondo egindakoak eta hobetzekoak identifikatu eta aurrera begirako lan ildoez aritu ziren”.

Horrez gain, herritarren artean bi galdetegi zabaldu ziren, udalerriko euskararen egoerari buruz galdetzeko; bata, herritarrontzat oro har, eta bestea, berariaz, gazteei zuzendua. Azaldu dutenez, erantzun kopurua bereziki arrakastatsua izan zen gazteen artean. Erantzun guztiak aztertuta, erraz identifikatu dituzte Zarautzen euskaraz bizitzeko dauden hutsuneak eta eragiteko esparruak.

Bildutakoa partekatu

“Jasotako erantzunetan egindako ekarpenek euskararen biziberritzearen alde zarauztarrok dugun sentiberatasuna erakutsi digute. Orain, beraz, elkarrizketa haietako ekarpenak eta herritarren artean egindako inkestetan bildutakoak partekatu nahi ditugu zarauztarrekin. Turismoak eta Immigrazioak euskararen normalizazioan duten eraginaz ere hausnartuko dugu, gaur gaurkoz gure herrian hain garrantzitsu diren bi arlo horiek izan dezaketen eraginaz, hain zuzen ere", gaineratu du Euskara zinegotziak.

Hori horrela, eta parte hartze prozesuarekin jarraitzeko, Euskara Departamentuak bilera irekia deitu dute azaroaren 7rako; Etxezabalako bilera gelan izango da, 19:00etan hasita, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu nahi dituzte. Bileraren helburua da datozen urteetan euskararen erabilera sustatzeko lan ildoak adostea. "Zenbat eta parte hartze zabalagoa izan, orduan eta biziagoa eta eraginkorragoa izango da planaren eragina", zehaztu dute antolatzaileek. Bileraren antolaketa errazte aldera, parte hartzeko asmoa dutenek galdetegi hau erantzunez izena ematea eskatu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide