Zarautz Herri Zaintzaileak antolatuta, Death Cafe saioa egingo dute azaroaren 2an, datorren asteko osteguna. Azaldu duenez, "topaketaren funtsa heriotzari buruz libreki hitz egitea da leku atsegin batean, kafea edo infusioa eta bizkotxoa dastatu bitartean".
Hori horrela, "gizarte mailan heriotzaren inguruan ikusgarritasuna piztea eta tabuak apurtzea" izango dute helburu, eta, horretarako, "hainbat arlotatik" jorratuko dute gaia. Halaber, argi utzi nahi zian dute honakoa ez dela dolurako laguntza taldea. Hala ere, "norbere esperientziak elkarbanatu daitezke". Adierazi dutenez, "diru jasotzerik ez da bilatzen, ezta aparteko ondoriorik ateratzea ere", baina hiru euroko ekarpena eskatuko diete parte hartzaileei kontsumizioak ordaindu ahal izateko.
Bada, ekimenera batu nahi duten horiek Klabelinsoro kaleko 22 zenbakiko udal lokalean izango dute horretarako aukera ostegunean, esan bezala, 18:00etatik aurrera. Antolatzaileek ohartarazi dute, dena den, nahitaezkoa dela partaidetza aldez aurretik jakinaraztea edukiera mugatua delako. Horretarako, 658 73 07 72 telefono zenbakira deitu edo WhatsApp mezua bidali beharko dute.