Astelehenean irekiko dute Aisa euskara ikastaroan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 28a, 14:00

Aisako ikasleak euskaltegian. (Aritz Mutiozabal)

Azaroaren 13tik otsailaren 5era izango da ikastaroa, eta interesa dutenek azaroaren 6a bitartean eman beharko dute izena udaleko Gizarte Zerbitzuetan.

Zarauzko Udalak euskarazko Aisa ikastaroa antolatu du aurten ere. Beste herrialdetatik herrira etorritako bizilagun berriei zuzenduta dago, eta ikastaroaren helburua da euskarazko oinarrizko esamoldeak irakastea: hitzak, agurrak eta abar, euskal kultura ezagutzen duten bitartean.

Ikastaroa azaroaren 13tik otsailaren 5era izango da, eta, guztira, 60 orduko iraungo ditu. Astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan eskainiko dituzte eskolak; goizeko saioak, 09:30etik 11:30era, eta arratsaldekoak, berriz, 18:00etatik 20:00etara.

Izena emateko epea astelehenean zabalduko dute, urriaren 30ean, eta azaroaren 6an amaituko da. Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (Zigordia kalea, 33) jo dezakete edo, bestela, 943-00 51 27 telefono zenbakira deitu edo immigrazioa@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide