Kanabera festa, mende erdia edo ospatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 27a

1985ean egin zuten arrantza txapelketako sari banaketa. (Utzitakoa)

Arkaitz Mendik eta Galeperrak antolatuta, Kortxozko Arrantza Lehiaketa jokatuko dute bihar. Miguel Angel Larrañaga Fafay (Zarautz, 1962) da bultzatzailea, eta nondik norakoak azaldu ditu.

Helduen arrantza Zarautzera itzuliko da bihar. Zehazki, Kortxozko Arrantza Lehiaketaren 50. edizioa jokatuko dute Arkaitz Mendi eta Galeperra elkarteek antolatuta. Nolanahi ere, ekimenaren bultzatzaile nagusia den Miguel Angel Larrañaga Fafay-k aitortu du ezin duela ziurtatu txapelketa 50. aldiz jokatuko dutenik: "Ez dakit gehiago edo gutxiago diren, hainbat urtetan ez dutelako antolatu, baina datozen urteei begira jarraipena emateko asmoa dudanez, zenbaki borobil batekin izendatu nahi nuen aurtengoa. Gainera, kopuru horren bueltan ibiliko dira, zeren, Arkaitz Mendi elkartea duela 70 urte sortu zuten eta artean ezinbestekoa zen elkarteek helburu sozialen bat izatea beren jarduera aurrera eramateko. Arkaitz Mendik eta Galeperrak ehizaren eta arrantzaren alde egin zuten, eta pentsatzekoa da sorrera urtean bertan hasi zirela txapelketak antolatzen".

Fafayk azaldu du, halaber, hiru urte daramatzala herriko arrantza txapelketak antolatzen. Urte luzez horretan aritu ziren elkarteko kideek ardura uztea erabaki zutenean lekukoa inork hartu ez zuela ikusita animatu zen urratsa egitera.

Hori horrela, haurrei zuzenduriko txapelketa biziberritzeko konpromisoa hartu zuen lehenik, eta "oso gustura" agertu da izaten ari den erantzunarekin; izan ere, uztailean egin zuten azken edizioak "ehun parte hartzailetik gora izan zituen". Haur guztiek jaso zuten sariren bat txapelketa hartan, "lehia baino gehiago arrantzaren bueltako festa" sustatu nahi izan zutelako, eta biharkoa ere helburu horrekin egingo dutela dio antolatzaileak. Horregatik, "txapelketaren ondoren egingo dugun lagunarteko afaria izango da saria". Dena den, babesleek emandako garaikurrak ere banatuko dituzte gehien arrantzatu duten eta pieza handiena lortu duten parte hartzaileen artean.

Fafayk esan duenez, arrantzale askoren artean ekimena berreskuratzeko gogoa sumatu duelako erabaki du helduen txapelketa berriz martxan jartzeko ahalegina egitea. Izen ematea bihar bertan izango da, 08:00etatik 09:00etara, eta nahitaezkoa da federatuta egotea eta 16 urtetik gora izatea. Bada, dagoeneko 30 bat lagunek agertu dute parte hartzeko asmoa: "Jendea gogotsu dago. Gainera, kortxozko lehiaketak ez dira oso ohikoak inguru honetan".

Kortxozko arrantza

Jarrera "aktiboagoa" eskatzen du kortxozko arrantzak, Fafayk azaldu duenez: "Inguruko herrietan egiten dituzten hondoko arrantza txapelketan amua jaurti eta kanabera mugitu arte itxaron behar izaten da. Kortxoarekin, ordea, gehiago mugitzen da arrantzalea, eta arroka artean egiten du askotan, uretara gerturatzen da arraina ikusteko".

Zentzu horretan, antolatzaileak zehaztu du ez dutela arrantza eremua zehaztu: "Normalean, Zarautz eta Getaria artekoa izaten da, baina oraingoan, libre uztea erabaki dugu. Beraz, Hondarribira [Gipuzkoa] joan nahi duenak egin dezake, 09:00etan hasiera eman ondoren. Hori bai, 19:00etarako Arkaitz Mendin egon beharko du, orduan hasiko dugulako pisaketa". Fafayk gogoratu du, era berean, harrapatutako pieza guztiak antolatzaileentzat izango direla.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide