SKAPAko jaietako bertso saioa urriaren 28an egingo dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 26a

Maialen Lujanbiok hartuko du parte bertso saioan. (Hitza)

Eguraldia zela eta bertan behera utzi behar izan zuten bertso saioa abuztuan. Etzi arratsaldean, 18:00etatik aurrera, hasierako karteleko bertsolari berak igoko dira Plaza Gorriko oholtza gainera; eguraldi txarra egingo balu, Gaztelekuan izango da ekitaldia.

Bi hilabetetik gorako atzerapenarekin bada ere, larunbat honetan egingo dute SKAPAko jaietako bertso saioa. Abuztuaren 11ean zuten egitekoa, Santa Klara bigarrenean, baina euria egin zuenez, bertan behera utzi behar izan zuten.

Antolatzaileek Plaza Gorrian jarri dute hitzordua berriro, baina arratsaldean izango da, 18:00etatik aurrera. Gainera, berriro euria egin balu, Gaztelekura lekualdatuko lukete bertso saioa. Oholtza gainean ariko diren bertsolarietan ez da aldaketarik izango, eta, ondorioz, Nerea Elustondo, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Oier Aizpurua eta Maialen Lujanbio izango dira kantuan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide