Gaur egun Zarautzen bizi arren, Hernanin jaio eta hazi zen Jon Insausti errugbi jokalaria (Hernani, Gipuzkoa, 1984). Errugbiak eta irakaskuntzak betetzen dituzte haren orduak, baina duela zortzi urtetik, beste modu batean: errugbi inklusibo edota barneratzailearen sustapenean parte hartu zuen Hernaniko errugbi taldean, eta heziketa bereziko irakaslea da. Harrezkero, talde barneratzailearen entrenatzaile eta jokalari bilakatu da.
Zer da errugbi inklusiboa?
Errugbi inklusiboa edozeinek errugbian jokatzeko aukera da. Urritasuna dutenak urritasunik ez dugunokin nahastuz jokatzen dugu. Ez da futboleko Liga Genuine bezalakoa, non desgaitasunak dituztenek soilik jokatzen baitute.
Eta nola iritsi zen Hernanira?
Zehazki, BERRIAk argitaratutako artikulu baten bitartez izan zen: duela zortzi urte Gasteizko Gaztedi errugbi inklusiboko taldeak antolatutako txapelketa baten berri ematen zuen testu bat irakurri nuen, eta, horren harira, gurean horrelako zerbait egitea planteatu genuen.
Hasierak, errazak?
Hainbat topaketa egin genituen, urritasuna dutenen alde lan egiten duten elkarte askori esker. Hilabetean behin elkartzen ginen, eta azkenean bertatik talde bat sortzea lortu genuen, eta astean behin entrenatzeko gelditu.
Jende asko elkartzen zineten?
Topaketetan 90 inguru ere izaten ginen. Baina arrazoi batengatik edo bestearengatik, batzuk ez ziren itzuli. Azkenean, aurreiritzi asko daude errugbiaren inguruan, eta askok ez diote aukera askorik ematen.
Lokatzari beldurra, ala?
Gure ustez, lokatza izaten da faktore erabakigarrienetarikoa. Askok ez dute gustuko, eta haientzat ezohikoa da.
Nork izan ohi du beldur handiagoa, kirolariek edo gurasoek?
Badira guraso asko ez dituztenak irudikatzen seme-alabak errugbian jokatzen. Kontaktu kirol bat da, eta, azken finean, urritasuna dutenak eroso dauden arlo horretatik ateratzen dira.