ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek deituta, greba egiten ari dira gaur Euskal Autonomi Erkidegoko sektore publiko osoan lan baldintza hobeak eskatzeko eta kalitatea bermatzeko. Deitzaileek adierazi dutenez, jarraipena "oso zabala" ari da izaten, eta, horrenbestez, Zarautzen ere izan dute eragina lanuzteek. Batez ere, udaleko HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Orokieta Herri Eskolan. Lizardi institutuan, berriz, "esperotakoa baino txikiagoa" izan da inpaktua, Marina Aranzabal zuzendariaren hitzetan.
Hori horrela, udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienak ez dituzte eten beharrik izan, nahiz eta lan talde txikiagoekin ari diren. HAZ da etenda dagoen bakarra langile bakar bat bera ere ez delako joan lanera gaurkoan. Gizarte zerbitzuetan, bestalde, lan taldearen erdiarekin baino gutxiagorekin ari dira, baina zerbitzua martxan dago. Antzeko egoeran dabiltza Sanz Enea liburutegian ere; langile gutxiagorekin bada ere, ohiko zerbitzua ari delako ematen.
Greba deialdiak sektore publiko osoari eragiten dionez, udalaren eskumenekoak ez diren herriko gainerako zerbitzuei ere eragiten die grebak. Anbulatorioari eta bi ikastetxe publikoei, esaterako. Azken biei dagokienez, Orokietan langileen %80 izan da grebarekin bat egin duena, eta, ondorioz, handia izan da eragina. Nolanahi ere, hainbat zerbitzu bermatu ditu ikastetxeak: hala nola, zaintza, garraio eta jangela zerbitzuak. Kontrara, langileen %36 batu da grebara Lizardin. Hori dela eta, "berrantolatu" egin behar izan duten arren, eskolak ematen ari direla azaldu du Aranzabalek. Gainera, ikasle gehienak bertaratu direla zehaztu du.