ZarautzOnek askotariko ekintzak antolatzen ditu urtean zehar, eta hurrengoaren berri eman du orain. Hain zuzen, urriaren 28an Bizkaiko meategira bisita gidatua antolatu dute, eta egun osoko ekintzak antolatu dituzte horren bueltan.
9:50 aldera Frantziskotarren pareko autobus geltokian elkartuko dira, 11:15 aldera Euskal Herriko Meatzaritzaren Museora iristeko. Bertan, bisita gidatua egingo dute, eta ondoren La Arboledatik paseotxo bat emateko aukera izango dute parte hartzaileek. Jarraian, 14:00 aldera, bazkaldu egingo dute Etorkizuna jatetxean, eta horren ondoren, ekintzekin amaitzeko, Abellanedako Juntetxera joango dira. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, 20:30ean iritsiko dira berriro Zarautzera.
Bisitaren prezioa, bazkaria eta autobusa barne, 55 eurokoa izango da (60 bazkide ez direnentzat), eta izena emateko 688-683 944 telefonora deitu edo plizarriturri@outlook.com helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek.