ZKEko irristaketa atalak emaitza txukunak lortu ditu asteburuan Donostian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 25a

Donostiako 15K lasterketan parte hartu zuten ZKEko 11 irristalariak. (Utzitakoa)

15K lasterketan parte hartu dute herriko taldeko 11 lagunek eta Karmele Ezenarrok zilarrezko domina lortu du master 60ko kategorian. Gipuzkoako errepideko txapelketa egiteko ere baliatu dute proba eta Zarautzek ordezkaritza zabala izan du ohorezko postuetan.

ZKE Zarautz Kirol Elkarteko 11 irristalari Donostian izan ziren larunbatean 15K lasterketa jokatzeko eta emaitza onak lortuta itzuli ziren etxera. Orotara 246 lagunek hartu zuten parte proban eta Karmele Ezenarro bigarren azkarrena izan zen bere kategorian, 60 urtetik gorako emakumezkoetan. 40 minutu eta 35 segundo behar izan zituen ibilbidea egiteko.

Nolanahi ere, Elen Eizagaetxeberriak eta Mikel Ameztoik egin zuten denbora onena ZKEko ordezkarien artean. Elkarrekin helmugaratu ziren 35:08 denbora eginda.

Zehaztu behar da, halaber, Gipuzkoako Errepideko Irristaketa Txapelketako sailkapena osatzeko baliatu zituztela larunbateko probako denborak eta azpimarratzeko emaitzak eskuratu zituztela ZKEko irristalariek. Gurutze Ostolaza eta Ezenarro lurraldeko irristalari onenak izan ziren emakumezko seniorren eta 60 uretik gorako emakumezkoen kategorietan, hurrenez hurren, eta Eizagaetxeberria eta Imanol Manterola bigarren sailkatu ziren 30 urtetik gorako emakumezko seniorren kategorian eta gizonezko seniorretan.

Donostiako 15K lasterketan parte hartu zuten ZKEko gainerako irristalariak honako hauek izan ziren: Aritz Epelde, Itxaso Agirre, Begoña Agirre, Ane Portularrume, Aitor Telleria eta Zorion Agirrezabala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide