Zarauzko Udalak, Gizarte Zerbitzuetako Sailarekin batera, haur masaje ikastaroa antolatu du azarorako. Jada eman daiteke izena bertan, esteka honetan, eta horretarako azken eguna ostirala, urriaren 27a, izango da.
Ikastaroa Nerea Mendizabal psikopedagogoak eskainiko du, eta saioak azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, eta abenduaren 1ean izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Haur eskolan izango da ikastaroa, eta 10 euroko kostua izango du -ordainketa ikastaroan onartuta daudela jakitean egin beharko dute parte hartzaileek-. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, haur masajea teknika "goxo eta atsegina" da, ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen duena modu sakonean.
Gehitu dutenez, plazak mugatuak izango dira ikastaroan, eta gutxieneko kopuru batek izena ematen ez badu, bertan behera utziko dute. Alderantziz, askok izena ematen badute ikastaroan, zozketa egingo dute. Horretaz gain, Zarautzen bizi direnek lehentasuna izango dute.