Elhuyarrek eta Donostia Kulturak Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloa antolatu dute. Hiru elkarrizketa izango dira, eta aurrenekoan –astelehenean, hilak 23– bi zarauztar elkartuko dira: Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea eta Miren Vives arkitektoa. Hitzaldiaren izenburua da Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat, eta horixe izango dute mintzagai. Elkarrizketatzaile lanak egingo ditu Galarragak hitzaldi horretan zein gainerako bietan –azaroaren 20an Uzuri Albizurekin eta abenduaren 11n Onintze Salazarrekin elkartuko da–.
Solasaldiak Donostian izango dira, Ernest Luch Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko (DK Irratia) podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.
Vivesek parte hartuko duen hitzaldiari dagokionez, azaldu dute hiri eta auzo "osasungarriago eta bidezkoagoak" sustatzeko, "baliagarriak" direla "ingurune urbanizatu eta eraikiek gure eguneroko bizitzan eta ongizate fisiko, mental eta sozialean duten eraginean oinarritutako diagnostiko eta proiektuak". Horretarako, hainbat ikuspegi hartzen dira aintzat; "besteak beste, generoa, zahartze aktiboa, haurtzaro autonomoa, aniztasun funtzionala eta ahalmen ekonomikoa".
Vivesek Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak, eta Projekta Urbes arkitektura enpresa dauka Patxi Galarraga bikotekidearekin. "Inklusioarekiko interesak eta bi alaba haztearen esperientziak beste gai batzuk lantzeko aukera eman zien, hala nola haurtzaroa, zahartzaroa eta, nola ez, feminismoa. Pixkana-pixkana, bat egin zuten guztiz lan esperientziak eta esperientzia eta ikasketa pertsonalek, eta gaur egun ez dute ohiko arkitektura bulego baten batere antzik. Projekta Urbes-en hiri eta auzo osasungarriagoak eta bidezkoagoak sustatzen dituzte", azaldu dute hitzaldiei buruz zabaldutako prentsa oharrean.