Moi Ruiz de Azuaren argazki erakusketa Lukas ardotegian

Aritz Mutiozabal 2023ko urriaren 22a

Erakusketan ikusgai dagoen Moi Ruiz de Azua gasteiztarraren argazkietako bat. (Moi Ruiz de Azua)

Hormetatik izenburua jarri dio bere proposamen berrienari, eta espazio publikoetako edonolako adierazpenak irudikatu ditu modu artistikoan.

Ipar kaleko Lukas ardotegiak Moi Ruiz de Azua gasteiztarraren Hormetatik argazki erakusketa jarri berri du. Argazkilariaren proposamen berria Espresio trantsitorioak proiektuaren jarraipena da, non espazio publikoetan jartzen duen arreta bere adierazpide artistikoari askatasuna emateko.

Hormak eta harresiak, iragarkien, aldarrikapenen edota arterako espazioen euskarri gisa, eta horiek denak eztabaidarako erreminta bailitzan. Ruiz de Azuaren argazkigintzak iragankorrak izan daitezken une horiek erretratatzea du oinarri, eta, bide batez, aztarna horietara bidaiatzeko gonbita egiten du.

Lukas ardotegian zintzilikatu dituen argazkiak aluminiozko xaflatan daude inprimatuta. Teknika horren bitartez, errealismo handiagoa ematen dio erretratuari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide