Argider Urbietak eskainitako hitzaldi zikloa ostegunean amaituko dute Udaberrin

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 22a

Argider Urbietak Udaberri elkartearen egoitzan ekainean eskaini zuen lehenengo hitzaldia. (Udaberri)

Hiru saiotan pandemiak sortutako hutsuneak lantzea izan dute helburu eta krisi hark eragin zuen aldaketaz arituko dira azkenengoan.

Udaberri jubilatuen elkarteak ostegunean emango dio amaiera pandemiak sortutako hutsuneak lantzeko hitzaldi zikloari. Hiru saio antolatu dituzte orotara Argider Urbietaren gidaritzapean eta ekainean egin zuten lehenengoa. Orduan bakardadea izan zuten hizketagai nagusi, baita duela bi aste egin zuten saioan ere, osteguneko azken saioa, ordea, Krisi garaiaren aldaketa deitu dute eta 10:00etatik 11:30era eskainiko du Urbietak.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, elkarrizketatua izango da hirugarren saioa ere. Alegia, bertaratuek hitza hartzeko aukera izango dute euren bizipenak partekatzeko. Azken batean, "norberaren bizi esperientzia indartzea" da zikloaren helburua. Bada, lanketarekin aurrera jarraitu nahi dutenek, ostegunetik aurrera ere horretarako aukera izango dutela jakinarazi du Udaberrik; izan ere, ikastaro moduan eskainiko dute talde txikiagoetan egiteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide