Pikudo gorriak eragindako palmondo bat kenduko dute Itxasmendi auzotik

Mireia Galarza Bastida 2023ko urriaren 21a

Intsektu horrek zuhaitzaren barruko aldea jan du, eta horretaz gain, hosto batzuk askatu eta lurrera erori dira. Dena den, arduradunek azaldu dute zuhaitza kendu ondoren, neguan beste ale bat landatuko dutela leku berean.

Uda honetan Zarautzen pikudo gorria antzeman ondoren, Zarauzko Udaleko Lorezaintza Saila intsektizida bidezko endoterapia tratamendua aplikatzen hasi zen herriko palmondoetan.

Horri esker, pikudo gorriak Zarauzko arboladian duen eragina arintzea lortu dutela adierazi du udalak, nahiz eta intsektu horrek palmondo batzuei eragitea lortu duen. Hain zuzen ere, Itxasmendi auzoan dagoen palmondo bat botako dute kakalardo espezie horrek zuhaitzaren barruko aldea jan ondoren. Horretaz gain, hosto batzuk askatu eta lurrera erori dira. Dena den, arduradunek azaldu dute zuhaitza kendu ondoren, neguan beste ale bat landatuko dutela leku berean.

Palmondoei emandako lehen tratamenduaren ondoren, udalak nematodoen bidezko bigarren tratamendu bat jarriko du martxan egunotan, oraingoan pikudo gorriaren kontrol biologikoa egiteko eta intsektu horren hedapena saihesteko. Lorezaintzako udal zerbitzuaren ardura duen enpresa arduratuko da tratamendu hori administratzeaz, eta 8.266,96 euroko (BEZa barne) kostua izango du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide