Zarauzko Udalak diruz lagunduko du aurten ere ISH Itsas Salbamendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundea. Hain zuzen, 10.000 euro emango dizkio Mediterraneo itsasoko krisi humanitarioari aurre egiten jarraitu dezan. Hori horrela, Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak zehaztu du dirua baliatuko dutela Aita Mari erreskate ontziak erregaiaren zati bat ordaintzeko; izan ere, 11. misioan abiatu berri dute.
Azken horren harira, Iñigo Mijangos ISHko presidenteak azaldu du "bikoitza" izango dela Aita Marik martxan duen misioa; zeren, abiatu eta berehala 69 lagun erreskatatu eta Napoliko (Italia) portuan lehorreratu zituzten, eta, "gutxienez bigarren erreskatea" egiteko asmoa dute. Aurki abiatuko hori, Sirkusan (Sizilia, Italia) egunotan egiten ari diren mantenu lantxoak amaitutakoan. Mijangosek azpimarratu du, halaber, aurtengoa Aita Mari ontziaren urterik "oparoena" ari dela izaten Mediterraneoan erreskate lanak abiatu zituenetik, 300 pertsonatik gora erreskatatu baititu. Datu zabalagoa ere eman du ISHko presidenteak, zeren, jakinarazi du milatik gora direla jada Aita Marik guztira itsasoan noraezean erreskatatu dituen pertsonak.
Zentzu horretan, erakundeak egiten duen lana goraipatu du Arana zinegotziak eta gogoratu du "hastapenetatik", 2015ean Zarautzen sortu zutenetik, babestu duela udalak. Konpromiso horri eutsiz eman diote azken diru laguntza hau ere eta nabarmendu du ISHk egiten duen lana ez dela itsasoko erreskateetara mugatzen: "Herriko ikastetxeetan sentsibilizazio lan garrantzitsua ari dira egiten".