Nadia Erostarbek CS zirkuituko proba guztiak jokatuko ditu datorren denboraldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 19a

Nadia Erostarbe Corona Saquarema Pro txapelketan, asteartean, final laurdenetara sailkatzea lortu ondoren. (WSL)

Egunotan Brasilen egiten ari den lan onari esker eskuratu du txartela matematikoki. Corona Saquarema Pro txapelketa ari da jokatzen eta final laurdenetara sailkatu da. Gainera, oraindik baditu Championship Tourrera sailkatzeko aukerak.

Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak matematikoki lortu txartela datorren denboraldian CS Challenger Series zirkuituan aritzeko. Denboraldi honetan ere lehiatu ditu hainbat proba, baina gonbidatuta edo hutsik geratutako plazak baliatuta egin behar izan du. Hala, 2024an proba guztiak jokatu ahalko ditu.

Gainera, sari potoloagoa eskuratzeko aukerak ere baditu oraindik; izan ere, munduko surflari onenak biltzen dituen CT Championship Tourrerako sailkatu liteke. Horretarako, ordea, egunotan Rio de Janeiron (Brasil) jokatzen ari den Corona Saquarema Pro txapelketa irabazi beharko luke eta ez du erraza izango, maila handiko surflariak ari baitira parte hartzen. Nolanahi ere, zarauztarrak dagoeneko lortu du final laurdenetara sailkatzea, eta, ondorioz, txapelketako bosgarren postua ziurtatzea. Txapelketan aurrera egiten jarraitzeko India Robinson australiarra gainditu beharko du Erostarbek. Jada CTera sailkatzea lortu duen surflarietako bat da Robinson.

Adur Amatriainek ere hartu du parte Corona Saquarema Pro txapelketan, baina lehenengo kanporaketan kaleratu zuten. Hala, 73. postua lortu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide