Atzo aurkeztu zuen Atzegik aurtengo sentsibilizazio kanpaina: Zarauzko elkartearen lokalean batu ziren Atzegiko kideak, senideak eta udal ordezkariak, eta kanpainari hasiera ematearekin batera, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten.
Izan ere, Xabier Txurruka alkatearen hitzetan, "gaitasun osoa" dute lanerako, prestakuntzaz gain. Legez enplegu publikoko plazen % 2a desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko lukeela gogorarazi zuten, gainera, eta oraindik ere deialdiak gutxi izan arren, "administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen" ari direla nabarmendu zuten. Atzegiren izenean hitz egin zuen Naroa Artola Urola Kostako teknikariak, eta azaldu zuen elkartea prest dagoela arlo horretan aurrerapausoa eman nahi duen edozein administraziori laguntzeko eta aholkuak emateko.
Laneratzeko aukerak zabaltzen jarraitzea garrantzizkotzat jo zuen, eta baita enplegu publikoaren bidez lanerako gaitasuna gizartean erakusaraztea ere. Desgaitasuna duten pertsonak administrazioan lanean ikusteko, ordea, "ezinbestekoa" da, Artolaren ustez, "prozesua kolektiboarentzat pentsatuta eta diseinatuta egotea".
Lanerako prest
Ni prest nago, eta Gipuzkoa? lelo hartuta, Atzegik erakutsi nahi du desgaitasuna duten pertsonak prest daudela. Guztira, 4.000 kartel banatuko dituzte Gipuzkoan –Urola Kostan, 200–. Artolak aipatu zuen bi deialdi egin direla azken hilabeteotan Gipuzkoan, eta arrakasta izan dutela biek ere. Horietako batean izan zen Leire Aginaga zarauztarra, eta aipatu zuen "esperientzia polita" izan dela. Datozen deialdietan parte hartzeko deia egin zuen Zarauztik.