Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak aldi baterako erakusketa berria zabaldu du gaur goizean, eta oraingoan Idoia Telleria Maritxalar argazkilari hernaniarraren Ni naiz, Idoia lan pertsonala paratu du. Artistaren izatea, jatorria, identitatea eta ni guztiak aztertzen ditu argazkien bidez.
Bizipen pertsonala eta naturarekin konexioa uztartzen ditu, esperimentazio eta esperientzia. Gisa horretan sortzen ditu autorretratuak, eta, halaber, emakume bakoitzak bizipen pertsonala duela erakutsi nahi die bisitariei.
Argazkilariaren esanetan, "esperientziak partekatuz, onartu, ulertu, aurre egin, geure buruarekin konpromisoa hartu, ikasi eta gainerako emakumeekin eta gainerako izakiekin enpatizatu dezakegula jakitera eman nahi dut".
Erakusketa azaroaren 26ra arte egongo da zabalik, eta horrez gain, Telleriak bere lanari buruzko hitzaldi-solasaldia eskainiko du azaroaren 10ean, Gela programaren barruan, Photomuseumen bertan. Saioa 18:00etan hasiko da, doako sarrerarekin, eta euskaraz.