Nerea Loiolak Raul Guerra Garrido beka irabazi du

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 16a

Nerea Loiola eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatua erdian, gaur goizean, Raul Guerra Garrido literatura bekaren aurkezpenean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aldundiak lehenengo aldiz eman du eta Zarautzen bizi den idazle debarrak Ardi Galduak euskarazko ipuin bilduma garatzeko baliatuko du.

Nerea Loiolak idazleak jaso du lehenengo Raul Guerra Garrido literatura beka. Gaur goizean eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ardi Galduak euskarazko ipuin bilduma garatu dezan. 25.000 eurokoa a bekaren aurrekontua eta 2024a amaitu aurretik argitaratu beharko du Loiolak ipuin bilduma.

Aldundiak udaberrian sortu zuen Raul Guerra Garrido beka edozein literatur diziplinetan jatorrizko lana sortzeko eta lurraldeko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egiteko aukera eman die artistei. Horrez gain, zehaztu dute helburua dela proiektu irabazleek "balio demokratikoen eta aurrerapen sozialaren defentsa izatea ardatz nagusi".

Loilak, bere aldetik, nabarmendu du urtebeterako soldata "duina" bermatuko diola bekak eta urtebetez sorkuntza proiektu bati benetako lehentasuna emateko aukera izango duela. Horregatik, "oso pozik" azaldu da. Dena den, aldarrikatu du "halako gehiago" behar direla "hor kanpoan kultura sortu nahian dabilen euskaldun mordoxka bat dagoelako, baliabide faltagatik euren proiektua garatu ezinik eta baldintza prekarioetan orekak egiten dabilen beste asko". Zarauzko bizilagunaren hitzetan, "Euskarazko kultur sorkuntza beharrezkoa da eta erakundeen babesa ezinbestekoa".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide