Gabriel Arestik, orduko Bilbaoko kaleez ari zela, ongi bereizi zituen zein ziren "maitatu ditudan gauzak": Autonomia, Adiskidetasuna, Bakea, Libertatea, Foruak… eta zein "higuindu ditudan gizonak": Urquijo ministroa, Gardoqui kardinala, Mazarredo almirantea, Egia generala…
Madrilen, Getafen, gertatu denak ekarri dit gogora. Bertako futbol-zelaiari Alfonso Pérez Muñoz futbolariaren izena jarri zioten. Ez zen, gogoan dudanez, betirako gogoan edukitzeko mailako jokalari bat. Ona zen. Ez hain ona ere. Bertakoa izan ordea! Eta norbaitek, noizbait, erabakiko zuen futbol-zelaiak bere izena eramateko adina merezimendu egin zuela. Ez zuten kontuan hartu, futbolariak hogeita hamalau hogeita hamasei urterekin uzten diola baloia jotzeari, baina mihia hil arte astintzen segi dezakeela. Alfonso Pérez Muñozek emakumezkoen futbol selekzioaz, Pep Guardiolaz eta Espainiako banderaz esan dituenak, VOXentzat ere ia gehitxo dira. Eta orain, futbol-zelaiari izena aldatu diote edo aldatzekotan dabiltza.
Presaka aritzearen ordaina. Norbaitek esango dit, ederra nagoela ni besteren lepo aritzeko, Zarautzen bertsolari gazteentzako sariketari Lizardi deitzen diogula eta bertsopaper lehiaketari Basarri. Batekoz bestera dena, etorri ahala izendatzeagatik.