Rio de Janeiron (Brasil) da Nadia Erostarbe surflari zarauztarra Corona Saquarema Pro txapelketa jokatzeko. Gaur hasiko da eta CS Challenger Series zirkuituko azkena izango da. Txapelketa erabakigarria izango da, beraz, bertan banatuko baititutze datorren urtean CT Championship Tourra jokatu ahal izateko bost txartelak. Lortu balu, Espainiako estatuko lehenengo surflaria litzateke hori egiten.
Mundu osoko hogei surflari inguru dira soilik CT zirkuituan aritzen direnak, onenak. Bada, horien artean izateko ametsa betetzen ahaleginduko da Erostarbe, nahiz eta oso zaila izango duen. Azken finean, nahitaez irabazi behar du Rio de Janeiroko txapelketa CTera igotzeko bost txarteletako bat lortzeko, eta bi bosgarren postu dira orain arte lortu dituen onenak.
Nolanahi ere, emaitza bolada onean da surflari zarauztarra. Joan den astean, esaterako, Portugalen jokatutako CS zirkuituko Vissla Ericeira Pro txapelketako final-hamaseirenetara iristea lortu zuen. Zirkuituko liderra den Sally Fitzgibbons australiarraren aurka jokatu behar izan zuen kanporaketa, baina ezin izan zuen gainditu eta bederatzigarren sailkatu zen.