Bi hilabetetik gorako atzerapenarekin bada ere, urriaren 28an, larunbata, egingo dute, azkenean, SKAPAko jaietako bertso saioa. Abuztuaren 11ean, Santa Klara bigarrenean, zuten egitekoa, baina euria tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten.
Antolatzaileek Plaza Gorrian jarri dute hitzordua berriro, baina gauean beharrean, arratsaldean egingo dute. 18:00etan, zehatzago izateko. Gainera, B planik ere prestatu dute berriro euria egiten badu herritarrak saiorik gabe geratu ez daitezen. Hala, eguraldia lagun ez balitz, Gaztelekura lekualdatuko lukete bertso saioa.
Oholtza gainean izango diren bertsolarietan ez da aldaketarik, eta, ondorioz, Nerea Elustondo, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Oier Aizpurua eta Maialen Lujanbio izango dira kantuan arituko direnak.