Emakumeei zuzendutako APPa sustatuko du txita ibiltari batek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 15a

Emakumeok Mugimenduan APParen berri emateko bi dinamizatzaile ibiliko dira Zarautzen. (Utzitakoa)

Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu duen Emakumeok Mugimenduan aplikazioa ezagutaraztea eta dituen abantailak azaltzea da helburua.

Txita ibiltari bat Zarauzko kaleetan ibiliko da bihar, Emakumeok Mugimenduan APPa ezagutarazteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu du aplikazioa, eta bi helburu ditu: batetik, lurraldeko emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzea, horren bidez, haien ohituretan eragiteko eta haiek motibatzeko; eta, bestetik, mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea.

Bada, aplikazioak erabiltzaileei eskainiko dizkien baliabide guztiak xeheago azaltzea izango da, hain justu, aipatu txita ibiltariaren zeregina. Horretarako, bi dinamizatzaileren laguntza izango du goizean eta arratsaldean, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era arituko baita sustapen lan horretan. Gainera, txita herrian dagoen bitartean emakumeek doan erabili ahalko dituzte Aritzbalde kiroldegiko azpiegiturak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide