Etxanoko Inaxio Irakulisi jarri zioten txapela atzo arratsaldean Itxasmendi auzoko Iritako zelaian jokatutako Jose Luis Saizar Memoriala XV. Ardi Txakur Lehiaketan; izan ere, haren txakurra Beltxek egin baitzuen lanik onena. Sei izan ziren, guztira, txapelketan parte hartu zuten artzainak beren txakurrekin batera eta jende ugari bertaratu zen ikuskizuna zuzenean jarraitzeko.
Aurreko bi edizioak irabazi zituen Peio Segurolak ere hartu zuen parte Argi txakurrarekin, baina ezin izan zuen garaipena errepikatu. Lehenengo ariketan puntu gehien bildu zituzten arren, bigarrengoan kale egin zuten, ez baitzuten lortu ardiak artegian sartzea.
Nolanahi ere, podiuma ixteko lehia izan da estuena. Hirugarren postua lortu duten Asier Dakostak eta Zeruk bi puntuko aldea besterik ez diete atera laugarrenak izan diren Xabier Gastañagari eta Sandyri.
Sailkapena
- Inaxio Irakulis (Beltx) 294 puntu
- Mikel Aizpurua (Txuli) 286 puntu
- Asier Dakosta (Zeru) 278 puntu
- Xabier Gastañaga (Sandy) 276 puntu
- Peio Segurola (Argi) 204 puntu
- Aitor Urien (Nay) 130 puntu