Hamarnaka lagun bildu ziren atzo Lege Zaharren Enparantzan, Israelgo estatua hiltzailea, Palestinako herriari elkartasuna, zihoen pankartaren atzean ekialde hurbilean gertatzen ari dena salatzeko. Hamasen larunbateko erasoaz geroztik Israelgo armada gogor ari da erantzuten eta erabat blokeatu du Gaza.
Horren aurrean, protesta deitu zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Israelen ofentsiba militarra eta mendebaldeko herrialdeen konplizitatea salatzeko, batetik, eta, Palestinari babesa adierazteko, bestetik. Era berean, palestinarren askatasuna ere aldarrikatu zuten, urteak baitira Gazako lerroan "preso" direla Israelek eremua inguratzeko eraiki zuen hesiaren barruan.