BERTSO SORTA

1947an jaioak

Inaxio Uria 'Isasti' 2023ko urriaren 10a

1947. urtean jaiotakoek bazkaria egingo dute urriaren 21ean, eta horren harira, Inaxio Uria Isasti-k ondorengo bertso-sorta igorri du Zarauzkohitza.eus atarira, Zirt zart gogoz egin zan par doinuan.

“Hemen gatozte astiro
berrogei ta zazpian
jaioak berriro”

Berrogei ta zazpian
jaioak garenak
Urtero biltzen gara
arrunt ta lerdenak
Kopuru aldetikan
gehienez herenak
Giro ezin hobean 
parte hartuz denak

“Hemen gatozte astiro
berrogei ta zazpian
jaioak berriro”

Hirurogei ta hamasei
zehazki adinez
Batzuk bete dituzte
besteak oraindik ez
Zutik mantentzen gara
gure ahaleginez
Gorputza moteltzear
ta berba arinez

“Hemen gatozte astiro
berrogei ta zazpian
jaioak berriro”

Arralde Txikin dugu
aurrenengo zita
Toki zoragarria
pentsatzen jarrita
Itsasoa aurrez aurre
Benetan polita
Jan edan saiotxoa
dago iragarrita

“Hemen gatozte astiro
berrogei ta zazpian
jaioak berriro”

Gero kalejira bat
eta jatetxera
Umorea nagusi
Guztiok batera
Bertan jasoko dugu
ohiko harrera
Ea gozatzen dugun
handikan aurrera

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide