Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen esanetan, "gezur borobila da Zarauzko Udal Gobernua Abendaño-Errotaberri industrialde osoa zerbitzuen sektorera bideratzen ari dela esatea". Alkateak bere Facebook kontuaren bidez erantzun dio EH Bilduri, honek kezka azaldu ondoren Abendaño eta Errotaberriko industriagune osoan ostalaritzako zerbitzuei atea irekitzeagatik.
Txurrukak argudiatu duenez, "gaur egun, Engranajes Juaristi eta Okelan Gesalaga enpresak milioiak inbertitzen ari dira beren Abendaño industrialdeko instalazioak handitzeko. KSB Itur eta Errotaberriko gainerako enpresek egiaztatu ahal izan dute Olaa erreka naturalizatzeko lanek inguruan gertatzen ziren uholdeek eragiten zuten ziurgabetasunari eta kalte-galerei amaiera eman zaiela. Aurreko agintaldian Katea Legaiaren pabiloi berria ireki zen Abendañon, eta Otzarreta ere hara lekualdatu da, Salberdinetik. Pukasek, Oiartzungo instalazioek su hartu ondoren, Errotaberrira itzultzea erabaki zuen, eta Hosokawa Solids enpresak ere udal lizentzia eskatu du lantegi berria Errotaberrin ezartzeko".
Horrez gain, alkateak dio Beterri Kosta Industrialdeak sustatutako Errotazar Sektorizatzeko Plana babestu duela udalak, Abendaño eta Errotaberriren ondoren, Zarautzek lurzoru industriala eskaintzen jarrai dezan.