Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak talde berria du atzodanik. Lehen mailako Almeria zuzenduko du Vicente Morenoren lekukoa hartuta. Talde andaluziarrak joan den irailaren amaieran kargugabetu zuen Moreno eta azken jardunaldian etxeko teknikari batek taldea zuzendu ondoren Garitanok egingo du aurrerantzean. Jada hasita dagoen aurtengo denboraldirako eta hurrengorako sinatu du kontratua.
Zarautzen bizi den futbol entrenatzaile deriotarrak Eibar zuzendu du aurreko bi denboraldietan bigarren mailan, eta, Almeriarekin lehenengo mailara itzuliko da. Lehenengo mailan, Eibar bera, Athletic eta A Coruñako Deportivo zuzendu ditu Garitanok eta Almerian mailari eustea izango du helburu. Azken sailkatuak dira andaluziarrak eta orain arte jokatutako bederatzi jardunaldietan ez dute partida bakar bat irabaztea lortu. Hiru berdinketa lortu dituzte.