Arsen Babajanyanek irabazi du Francisco Eskudero Akordeoi Konposizio Lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 7a, 14:00

70 lanetik gora aurkeztu dituzte eta guztietan onena armeniarraren Neither…Nor… iruditu zaio epaimahaiari. Dena den, ez da aitortu duten bakarra izan; Tomasz Skweres poloniarraren Fear obrak aipamen berezia jaso du eta Jan Foote herbeheretarrak eraman du lehenekoz eman duten obra pedagogikoei eskainitako saria.

Arsen Babajanyan armeniarra eta Jan Foote herbeheretarra izan dira aurtengo Francisco Eskudero Nazioarteko Akordeoi Konposizio Lehiaketako bi irabazleak. Lehenengoa, modalitate nagusian gailendu da, akordeoirako eta hari laukoterako sortu duen Neither…Nor… obrarengatik saritu dute, eta, bigarrena, aurten estreinakoz eman duten obra pedagogikoei eskainitako modalitatean.

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak atzo arratsaldean eman zituen aipatu sariak Modelo aretoan egindako sari banaketa ekitaldian, eta, aipatutako bi artistek ez ezik, Tomasz Skweres poloniarrak aurkeztutako Fear lanak ere aipamen berezia jaso zuen modalitate nagusian. 30 herrialdetako 72 konpositore izan dira, guztira, aurkeztu direnak Francisco Eskudero lehiaketaren hamaseigarren ediziora eta gustura azaldu dira antolatzaileak, lehiaketak "hazten" jarraitzen duelako: "Francisco Eskudero lehiaketaren garrantzia urtez urte azpimarratzen da akordeoirako sorkuntza berriaren erreferentzia gisa".

Leire Ucha aktore bilbotarrak egin zituen ekitaldiko aurkezle lanak eta irabazleei beren garaikurra ematearekin batera, hainbat ikuskizun ere eskaini zituzten. Bertaratuen artean Eskudero familiako hainbat kide eta Zarauzko Udaleko ordezkariak izan ziren. Guztiek ere aukera izan zuten Garazi Etxaburu dantzariak Eskuderoren obra ikonikoen musika zatiekin interpretatutako hiru mikro dantza errezitaldiz gozatzeko.

Horrez gain, iazko edizioko lan irabazleen estreinaldiak entzuteko parada ere izan zuten: hasteko, aipamen berezia jaso zuen Carsten Hennig alemaniarraren entre/Berichterstattung 3.1, eta, ondoren, ...dots and lops... irabazlea. Otto Wanke konpositore txekiarrak sortu zuen akordeoirako, saxofoirako eta perkusiorako. Elisa Ruiz, Silvia Ferrero, June Agirre, Pedro Bastiao, Jessica Reis, Xurxo Morales eta Juan Luis Garcia musikariek izan zuten aipatu piezak lehenekoz jotzeko ardura.

Argazkiak: Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide