Gorka Aranberri Bermeo Urdaibaiko patroi zarauztarrak CaixaBank Patroirik Onenaren saria jaso zuen atzo arratsaldean, Bermeon, Eusko Label ligan puntu gehien bildu dituen patroia izateagatik. Arrauneko liga nagusia bost bider irabazi duen eta Kontxako zortzi bandera dituen patroi zarauztarra sekula irabazi gabe zegoen patroi onenaren saria, eta, hala beste garaikur bat du orain bere palmares zabalean.
Aranberrik, gainera, nagusitasunez irabazi du saria, izan ere, hogei puntu atera dizkio bigarren sailkatu den Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiari. Zarauztarrak 138 puntu pilatu ditu denboraldi osoan.
Esan bezala, atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia eta Euskadiko CaixaBankeko Zuzendari Komertzial Angel Garabietaren eskutik jaso zituen garaikurra eta 3.00 euroko txekea. Aranberrirekin batera, Nerea Perez Donostiarra Ur Kirolak taldeko patroiari ere egin zioten aitortza EITB Patroi Onenaren sariarekin, Euskotren ligako onena izategatik.