Zirika euskara elkarteak gogotsu ekin zion bideari irailaren 14an, Gaztelekuko aretoan eginiko jendaurreko aurkezpen ekitaldiarekin. Bertan, elkartearen nondik norakoak azaltzeaz gain, euskararen bueltan Zarautzen sortu dituzten ekimenen errepasoa egin zuten, baita euskararen inguruko datu esanguratsuak aipatu ere. Guztira, 60 lagun inguruk hartu zuten parte, aurrerantzean Zirikari era batera edo bestera laguntzeko konpromisoa hartu zutenak.
Orain, aste batzuk geroago, hausnarketa saio antolatu dute. 2024an egin asmo dituzten ekintzak zehazten joateko, elkartearentzat baliagarriak izango direnak, baina baita komunitatea egiten lagunduko dutenak ere. Saioa bihar goizean izango da, 10:00etan hasita, Gaztelekuko goiko aretoan.