Aurreko astean Zarauko Bi Harri Txapelketan harri baldarrarekin jo eta su aritu ondoren, aste honetan Harri Txikien Gipuzkoako Emakumezkoen Txapelketa jokatuko dute. Bihar izango da kirol hitzordua, 12:00etan hasita, Aiako probalekuan, eta harri-jasotze ekitaldia ez ezik, Lehenengo Mailako Aizkora Txapelketa ere izango da.
Lehiakideen artean, zarauztarren ordezkaritza ongi bermatuta egongo da. Joan den astean, Aritzbatalden aritutako hirurak ariko dira nor baino nor: Maddi Gesalaga, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta. Hirukoarekin batera, ondorengo beste lau harri-jasotzailek hartuko dute parte: Lur Errekondo, Olaia Esnaola, Aroa Sanchez eta Ane Zinkunegi.
Aizkora txapelketan, berriz, parte hartuko duten kirolariak hauek izango dira: Nerea Arruti, Malen Barrenetxea, Oihana Fernandez de Barrena eta Ane Zapirain.