Kai Nakai, Oihan Vega eta Bikabiren doinuek Munoa hartuko dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 7a

Kai Nakai musikaria. (Utzitakoa)

Gipuzkoan Gazte Tour zirkuituaren barruan antolatu dituzte hiru kontzertuak eta Zumaiako taldea izango da oholtzara igotzen lehenengoa 19:30etik aurrera.

Kai Nakaiek, Ohian Vegak eta Zumaiako Bikabi taldeak musika emanaldiak eskainiko dituzte gaur arratsaldea Munoa plazan. Gipuzkoan Gazte Tour zirkuituaren barruan egingo dute eta 19:30ean hasiko dira kontzertuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak zenbait eragile eta udalekin elkarlanean antolatutako aisialdi aktiboko eta partaidetzazko kultura-zirkuitua da Gipuzkoan Gazte Tour, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta hirugarren edizioa du aurtengoa. Apirilean abiatu zuten zirkuitua Eibarren eta lurraldeko beste lau herritatik igaro ondoren, bihar egingo dute geldialdia Zarautzen.

Esan bezala, hiru izango dira herrian eskainiko dituzten kontzertuak eta Bikabi taldea izango da jaialdia abiatzeko ardura izango duena. Laukote zumaiarraren hirugarren kontzertua izango da eta abuztuan plazaratu zuten Besteen ekaitza diskoko piezak joko dituzte. Tokiko gazteei beren talentua erakusteko aukera ematea ere bada Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren helburuetako bat, eta aurtengoan Bikabiri eman nahi izan diote aukera hori.

Oholtzara igoko diren beste bi artistek ibilbide zabalagoa egin dute eta ezagunak dira euskal musikaren esparruan. Kai Nakai gasteiztarra Euskaraz reggaetoia egiten aitzindaria da, eta gaur egun pop musika, urbanoa eta elektronikoa eskaintzen ditu. Azken proposamen horiek nahiz aurrekoak ekarriko ditu Zarautzera. Oihan Vegak, berriz, Dj lanak egingo ditu eta Disko Festa Gaztea! showcase-a eskainiko du, zehatzago esateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide