Lan txukuna eginda eta bi domina poltsikoratuta itzuli dira Valentziatik Judo Klub Lizardiko kirolariak; zilarra eta brontzea, hain zuzen ere. Espainiako Junior Kopa izan da bertan jokatu duten txapelketa, Luis Puig belodromoan aritu ziren, zehazki, joan den larunbatean eta Naiara Villasantek eta Lore Austingek lortu zituzten aipatu dominak.
Villasantek irabazi zuen zilarrezko domina 70 kilo azpiko kategorian, eta, Austingek, aldiz, brontzezkoa 78 kilo azpikoan. Haiekin batera, Zarauzko taldeko beste 5 kide ere aritu ziren: Eva Manzanas, Nahia Arregi, Alaitz Lopez, Unax Mendez eta Andoni Navas, hain justu. Guztiak ere ostiraletik zeuden Valentzian; izan ere, larunbateko txapelketaren aurretik pisaketa izan zuten bezperan.