Adarretatik musika jaialdiaren seigarren edizioa atzean utzita, antolatzaileak dagoeneko jarri dira hurrengoari begira. Nolanahi ere, zazpigarrena prestatzen hasi aurretik atzera begiratu eta asteburuak eman duenaren balorazioa egin nahi izan dute. Hori horrela, "ezin gusturago" daudela adierazi dute "zentzu guztietan izan delako arrakastatsua aurtengo jaialdia".
Zentzu horretan, antolatzaileek nabarmendu dute ikus-entzule kopuru nahiz jarrera aldetik, musikarien maila aldetik eta eguraldiagatik izan dela arrakastatsua aurtengo Adarretatik: "5.000 lagun baino gehiagok gozatu eta dantzatu dute ostiraletik igandea bitartean izan ditugun zortzi kontzertuetan eta erantzuna beroa izan da, gainera. Musika proposamenak eta estiloak zabalak izan dira oso eta parte hartzaile guztiek maila handia erakutsi dute, baita alde humanotik ere. Horrez gain, eguzkiak eta gaueko ilargi beteak are distiratsuagoa egin dute asteburua".
Era berean, jaialdiak izandako hasiera nahiz bukaera borobilak ere nabarmendu dituzte; izan ere, Rafa Villafañari eskainitako omenaldiarekin eta hark eskainitako kontzertu laburrarekin abiatu zuten aurtengo edizioa eta Antonio Lizana hirukoak itxi zuen. "Flamenco-jazz generoko ikuskizun goraipatuenetakoa mundu mailan", antolatzaileen esanetan.
Nolanahi ere, tartean izan ziren kontzertu guztiak ere goratu dituzte antolatzaileek, saio ederrak eskaini zituzten Villafaña tarteko duen La Jodedera taldeak, Nakarrek, La Perra Blancok, Erromintxelak taldeak, Argizulok, Akatzek eta DJ Mr. Patxi 'Crazy Legs'-ek. Azken honek jarritako doinuen erritmora Donosti Lindy Hop kolektiboa aritu zen dantzan eta haune lana ere nabarmendu dute.
Argazkiak: Adarretatik-Enbor Akzio Kultur Elkartea