ZKE Halterofiliako Miren Galarraga mutrikuarra eta Malen Monasterio zarauztarra laugarren eta seigarren sailkatu ziren, larunbatean, Los Alcazaresen (Murtzia, Espainia) jokatutako junior mailako Espainiako Halterofilia Txapelketan. Biak ala biak, dominen lehian izan ziren, gainera. Are gehiago zarauztarrak brontzea zintzilikatu zuen abiadako proban, nahiz eta, sailkapen bateratuan seigarrena izan zen, azkenean, esan bezala.
55 kilo azpiko kategorian lehiatu zen Monasterio eta ezustekoa eman zuen abiadan 60 kilo jasota. Irabazleak baino hiru kilo gutxiago besterik ez. Jasotze-altxatze proban seigarrena izan zen, ordea, eta horrek baldintzatu zuen azken emaitza. Nolanahi ere, egindako lan onari esker Gipuzkoako eta Euskadiko Junior eta 17 urte azpiko abiadako marka eta marka orokorra hautsi zituen Monasteriok.
Galarragak, bere aldetik, 76 kilo azpiko kategorian hartu zuen parte eta laugarren postua eskuratu zuen abiadan nahiz jasotze-altxatzean. Lehenengo proban 70 kilo altxa zituen eta bigarrengoan 85; 155 kilo orotara.
Klubak zehaztu duenez, txapelketa lehiatu duten bi kirolariak ez dira bakarrik izan Los Alcazaresen; izan ere, Imanol Zulaika entrenatzailea ere bertan aritu da haiei laguntzen. Horrez gain, jakinarazi du datorren asteko larunbatean, urriaren 14an, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatuko dutela Aritzbatalde pilotalekuan.