"Ezinbestekoa eta garrantzitsua da adinekoen eskubideen alde lanean jarraitzea, herrian eta komunitatean"

Aritz Mutiozabal 2023ko urriaren 2a

Adinekoen Nazioarteko Eguneko manifestuaren irakurketa. (Jesus Arana)

Atzo eman zioten hasieran +60 Asteari, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin batera. Horren harira, udaleko Adineko Mahaiko kideek ondorengo manifestua irakurri zuten eguerdian, Lege Zaharren Enparantzan.

Zarauzko Udaleko Adineko Mahaiko kideok herriko adinekoen eskubideen eta ongizatearen alde lan egiten dugu. Eta, Zarauzko komunitatearen parte garenez, baita zarauztar guztien alde ere. Horregatik, bat egiten dugu Adinekoen Nazioarteko Egunaren espirituarekin. Uste dugu ezinbestekoa eta garrantzitsua dela adinekoen eskubideen alde lanean jarraitzea, herrian eta komunitatean.

Adinekoen Egunean honako hau aldarrikatzen dugu:
  • Bizi-kalitatearen sustapena. Etengabe lan egingo dugu adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko, maila fisikoan, mentalean, emozionalean, sozialean, espiritualean eta ekonomikoan. Hori lortzeko, funtsezkoa da osasunaren sustapena, ongizatea eta gizarteratzea.
  • Nahi gabeko bakardadearen prebentzioa. Nahi gabeko bakardadeari aurre egingo diogu. Topaguneak, belaunaldien arteko jarduerak eta sareak sortzen jarraituko dugu. Giza harremanak eta sareak sortzea funtsezkoa da gure ongizaterako.
  • Boluntarioen parte-hartze aktiboaren sustapena: Gizarteari dei egiten diogu boluntarioak konprometitzeko eta aktibatzeko, eta adinekoek familia-etxean izan ditzaketen bakardade-egoerak arintzeko. Laguntzeko aukera asko sortu daitezke boluntarioen denborarekin, trebetasunekin eta esperientziarekin.
  • Sentsibilizazioa: Adineko guztien eskubide, behar eta gaitasunei buruzko sentsibilizazioa sustatuko dugu, estereotipoak eta aurreiritziak ezabatzeko.

Adinekoak ere laguntzeko prest gaude.

Gizarte inklusibo bat eraiki nahi dugu, adinekoak gure herriaren zati integral gisa baloratu eta errespetatuko dituena.

Gonbidapen bat egiten diegu herritar eta erakunde guztiei gurekin bat egin dezaten intentzioz eta jardunez. Orain arte lortu dena ez da gutxi, baina askoz gehiago lor dezakegu… elkarlanean.

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide