Plaieroei hasiera udan eman baliote bezala

Aritz Mutiozabal 2023ko urriaren 1a

Eguraldi eguzkitsua egin du eguerdian denboraldiariko lehen jardunaldian, baina jokalarientzat gehiegizko beroa izan da aukeran. Horrez gain, nahiko irudi bitxia utzi du gaur hondartzak: erabiltzaileek eta plaieroetako partidek partekatu dute aldi berean.

Emakumezkoen Kirkilla-Enea Jatetxea taldea salbu, izena eman duten gainerako 28 taldeek gaur eman diote hasiera 79. Hondartzako Futbol Txapelketari. Udako egun batean ariko balira bezala jokatu dute denboraldiko lehen jardunaldia, izan ere, jokalariek hondartzako erabiltzaileekin partekatu dute gaurkoan natur eremua. 

Egia esan, ezohiko postala utzi du igande eguerdiak: jendea txaparrotan, sonbrilla azpian eta toalla gainean, eguraldi eguzkitsuaz gozatzen ari zen bitartean, Munoatik hasi eta ia Desertu Txikiraino iritsi diren plaieroek bestelako giro bat jarri dute. Gaurtik hasi eta udaberria bitartean, lagunarteko lehia sanoan aurrera eramango duten kirol pizgarria.

Lehen jardunaldia jokatzeko eguraldi ederra izan dute, neguko ohiko hotz eta euriaren aldean, eskertzeko moduko klima. Edonola ere, gehiegizko beroa izan dute aukeran, batik bat lehen zatian, eta hori ere ez da gustukoa izaten. Denboraldiko lehen partida izateko, neurketa politak bezain borrokatuak utzi ditu igandeak, eta gol asko; kolore guztietakoak, gainera. Batzuek irabazi eta beste batzuek galdu, eta berdinketaren bat ere izan da. Baina hemen ez da nola hasten den, baizik eta nola bukatzen den, eta oraindik txapelketa oso luzea dute aurretik.

Senior mutilak A taldea
1. Otamendi - Oxperta 3-2
2. S.F. Txanela - Arrano Taberna 0-2
3. Latz Taberna - Izar Optika 2-1
4. Celso Castro - Euskalduna Taberna 4-0
5. Kirkilla-Enea Jatetxea - Tivoli-Naparrak 4-5

Senior mutilak B taldea
6. Pukas-Shelter - Ulacia Bidaiak 0-4
7. Balearri-Astillero - Talai-Mendi Kanpina 1-1
8. Kosta Hortz Klinika - Il Capo 4-2
9. Telesforo Erretegia - Garcia Edari Banaketak 2-0
10. Asegroup - Asti Pinturak 0-1

Senior neskak
11. Talai-Mendi Kanpina - Lukas Ardotegia 0-1
12. Orbela Taberna-Emakume Surflari - Mayflower 5-1
13. Euskalduna Taberna - Itxas-Lur Taberna 1-2
14. Kebidek - Shelter-Pukas 4-0

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide