Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Udalsarea 2030, Ekoetxea sareak eta Life Urban Klima 2050 Europako proiektuak sustatuta, Asteklima azoka ibiltaria egiten ari dira hainbat herritan, irailaren 22tik urriaren 1era, eta atzo Zarautzen egin zuen geldialdia.
Egitasmoaren helburu nagusia da herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea, eta, hain justu, horretarako hainbat postu jarri zituzten arratsaldean malekoian, Matxitxako kalearen parean.
Postu horietan bereziki familiei eta 6-10 urte arteko haurrei zuzendutako erronkak jarri zituzten, jolas bidez betetzeko; erronka osatzen zutenek opariak eskuratzeko aukera izan zuten, gainera. Jolas eta tailerren bidez, klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa bezalako gaiak landu zituzten.