Santa Ana egoitza eraberritu dute Gipuzkoako zaintza eredu berrira egokitzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 29a

Zentroaren birmoldaketa globalaren lehenengo bi faseak amaituta, hurrengoari ekingo diote orain. Lurraldeko adinekoen zaintza bizikidetza-unitate txikietan oinarritutakoa, arreta pertsonalizatua eskaintzen duena eta komunitatearekiko lotura sendoa duena izan dadin nahi du aldundiak eta Zarauzko Udalak bat egin du.

Santa Ana egoitzak ateak zabaldu dizkie gaur zentroarekin harreman zuzena duten erakunde, eragile eta komunikabideei otsailetik erabiltzaileek beren eskura dituzten azpiegitura eta zerbitzu berriak bertatik bertara ezagutzeko. Zehazki, Aldapeta ondoko eraikinaren gune berria izan da bisitatu dutena: beheko solairua eta lehenengoa. Biltegia, bilera gelak, psikologiako, terapiako, gimnasioko eta ile-apainketako zerbitzuak, eta langileen bulegoak kokatu dituzte bertan.

Hori horrela, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia, Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta udaleko beste hainbat ordezkari bertaratu dira Santa Ana Fundazioko ordezkariekin batera. Garbiñe Amotxategi zentroko zuzendariak egin ditu gidari lanak eta "oso gustura" agertu da egoitzak izan duen eraldaketarekin. Nolanahi ere, Santa Anaren birmoldaketa globalerako lana oraindik ez dituzte amaitu. Lehenengo bi faseen emaitza da gaur erakutsi duten eta hurrengoak abiatuko dituzte orain "zentroa Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru departamentuak bultzatutako eredura egokitzeko".

Zentzu horretan, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du zaintza eredu berrirako trantsizioa gauzatzea eta lurraldeko gizarte babeseko zentro guztietara zabaltzea aldundiaren "erabateko lehentasuna" dela legegintzaldi honetarako. Eredu berri hori nolakoa izango den ere gogoratu du: "15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatutakoa, banakako logelak, espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituena, eta, ikuspegi berritzaile eta pertsonalizatutik zerbitzua emango duena, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zaintzarekin lotutako guztian".

Bideari eusteko konpromisoa

Ildo beretik, Zarauzko alkateak adierazi du udalak "berretsi" egiten duela Ahaldun Nagusiak aipatutako zaintza eredu berriaren aldeko apustua, eta, nabarmendu du "hartu beharreko trena" dela. Hori horrela, herriaren "prestutasun osoa" agertu dio Txurrukak aldundiari "adinekoak zaintzeko eredu berrian aurrera egiteko".

Arantza Zabalegi Santa Ana Fundazioko presidentea, bere aldetik, "pozik" agertu da "fundazioari asko kostatu zaiolako lortzea gaur egungo azpiegitura". Halaber, udalarekin eta aldundiarekin elkarlanean jarraitzeko gogotsu dagoela esan du "Zarauzko zaharrentzat gauza onak" lortuko dituztelako horrela.

Aldundiak zehaztu duenez, zaintza eredu berriaren aldeko apustu horretan aurrera egiteko 34 milioi euro bideratuko dituzte bi urtean: 20 milioi euro Aldundiak iaz jasotako COVID-19 funtsetatik aterako dituzte, 10 milioi Europako Next Generation funtsetatik eta 4 milioi Zainketetako eta Gizarte Politiketako sailaren aurrekontutik. Horrez gain, sailak berak beste dirulaguntza lerro bat abiarazi duela ere jakinarazi dute Gipuzkoako gizarte-zentroetan inbertsioak sustatzeko. Guztira, 12 milioi euro bideratuko dituzte horretara, gizarte-zentro berriak sortzen eta egun daudenak zabaltzen, eraberritzen eta egokitzen laguntzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide