'Gurasotasuna M-z idazten da: maitasuna eta mugak' tailerrean izena emateko aukera zabalik

Intza Trula 2023ko urriaren 2a

Gurasoei zuzendutako tailerraren xedea umeek euren garapen osasuntsurako beharrezkoak dituzten hezkuntzaren bi zutabe nagusiak aztertzea izango da: maitasuna eta mugak.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio arloak gurasoei zuzendutako Gurasotasuna M-z idazten da: maitasuna eta mugak tailerra jarri du martxan, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea. Saio guztiak euskaraz eskainiko dira, urria eta azaroa bitartean.

Tailerrak umeek euren garapen osasuntsurako beharrezkoak dituzten hezkuntzaren bi zutabe nagusiak aztertzea du helburu: maitasuna eta mugak. Lehenak, haurraren burmuinaren garapena ahalbidetu eta bere buruaren irudi baliotsua eraikitzen laguntzen du; bigarrenak, munduaren izaera ulertarazten laguntzen die: baliabide mugatuak ditugu eta gure jarduna arau batzuen barruan garatzen dugu. 

Ikastaroa Virginia Belategi Azpirik dinamizatuko du eta, maitasuna eta autoritatearen inguruan hausnartzeaz gain, bi horiek nola bultzatu ikasteko baliabideak emango dizkie  parte hartzaileei. 

Hori horrela, saioak 17:00etatik 19:00etara izango dira, ondorengo egunetan: urriaren 10ean, 17an, 24an eta 31n, eta azaroaren 7an eta 14an, Zuberoa kalea 22 zenbakiko ikastaro gelan. Halaber, tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da honako lotura honetan izena ematea, eta lehentasuna zarauztarrei emango zaie. Izena ematea onartu dela jakinarazi bezain laster ordaindu beharko dira matrikularen 15 euroak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide