Hiruzpalau urte badira Zarauzko bizilagun Rafa Villafañak (San Francisco de Macoris, Dominikar Errepublika, 1942) kontzerturik eman ez duela herrian, eta oso gogotsu dago. Begietan eta ezpainetan antzematen zaio musikari beteranoari. "Baina erantzukizun handia da", onartzen du: "Beti izaten duzu dena ongi aterako ote den nolabaiteko ardura; emanaldia hasi aurreko urduritasun puntu hori. Baina, tira, denak primeran atera beharra dauka!".
Adarretatik jaialdiko antolatzaile Mikel Unzurrunzaga Makala-k adierazi zuen "egundoko plazera" dela aurtengo ekitaldia Villafañak ireki ahal izatea, baita hari merezi duen protagonismoa ematea ere. "Ez nuke esango ezuste bat izan denik, baina benetan pozgarria izan da".
La Jodedera taldeko kidea da gaur egun Villafaña, baina ez da taldeko abeslaria; perkusio-
az –guira, guiroa eta marakak jotzen ditu– eta koruaz arduratzen da. Bihar, 18:30ean, Musika Plazan, bi zatitan banatuko dute kontzertua: lehen zatian, Villafaña ariko da bakarrik, eta bigarren zatian, La Jodederarekin batera.
Abesti dantzagarriak
"Kontzertua nik neuk zabalduko dut, nik neuk grabatuta ditudan abestiekin. Nagusiki, oso nireak diren merengea eta bachata eskainiko ditut". Izatez, lau abestiz osatutako kontzertu labur bat eskainiko du musikari dominikarrak: "Ez dut aurreratuko zein abesti izango diren zuzenean joko ditudanak, baina esan dezaket abesti dantzagarriak direla".
Ondoren, La Jodedera taldearen sarrera egiteko, Sonora Candelaren kantu bat joko dute elkarrekin. "Abesti hori oso ezaguna izan zen bere garaian, irratian asko entzun baitzen. Azken finean, ezagutzen nauen jendeak Sonora Candelaren abesti hori eskatzen dit askotan, talde horretako abeslaria izan nintzelako".
Karibeko doinuak jorratzen hasi zen Euskal Herriko lehen taldea izan zen Sonora Candela. Juan Mari Garcia Chepito musikariaren ekimenez sortu zen proiektua, eta abeslaria falta zitzaiola eta, lagun baten gomendioz Villafañarekin harremanetan jarri zen. Musikari ezagun dezente elkartu ziren taldean, eta 1990ean De La Habana a Donosti diskoa plazaratu zuten.
Emanaldi gogoangarriak eskaini zituzten Donostian eta Bilbon, eta, ondoren, Kubako Van Van taldearen telonero aritu ziren Euskal Herrian. "Sonora Candela desegin egin zen gero, baina proiektuaren oinarriari eutsi egin genion, eta horrela Sonora Caribe sortu genuen. Talde berriarekin disko bat grabatzera iritsi ginen", gogoratu du Villafañak.
Harrezkero, taldekide izan zuen Karl Pipki piano jotzaile estatubatuarrarekin batera aritu zen han-hemenka abesten, eta, ondoren, Euskadi tropical izeneko bakarkako diskoa argitara eman nuen. "Lan horretako zenbait abesti interpretatuko ditut ostiralean Adarretatik jaialdian, hain zuzen ere".
Kolaborazio batetik
AHTren aurkako ekitaldi baten barruan, La Jodedera taldeak Arrano tabernaren kanpoaldean jo zuen, eta musikari dominikarra gonbidatu zuten haiekin Quitate tu abestian kolaboratzera. "Badirudi talde barruan eztabaidak zituztela kideetako batekin, eta emanaldiaren amaieran nire kontaktua hartu zuten. Beraz, haiekin entseatzera joateko deitu ninduten. Gainera, guirak ematen duen ukitua, doinu original hori, falta zitzaiela aipatu zidaten", azaldu du.
La Jodederak "bere egin ditu doinu latino eta tropikala", Villafañaren esanetan. Horrez gain, hitz konprometituak lantzen dituela nabarmendu du. Orain artean, bi disko argitaratu ditu, eta hirugarren bat du bidean. Hala ere, Zarauzko bizilagunak ez daki noiz plazaratzeko asmoa duen taldeak. "Jomes taldeko baxu jotzaileak estudio bat du, eta bertan aritu gara grabatzen. Disko berria prestatuta dago, behintzat", gaineratu du.
Lau urte daramatza La Jodedera taldearekin lanean, eta Sonora Candela eta Sonora Cariberekin aritu ondoren, berriro lagunartean musika joz gozatu ahal izatea "berriz bizitzea" bezala da Villfañarentzat. "Anekdota eta bizipen ugari ditut. Azken finean, taldekideen artean adinekoena naiz. Tres kubatarra jotzen duen kidearen bikotekideak argazkiak nahiz bideoak ateratzen ditu publiko artetik; hark jendearen iruzkinak entzuten ditu, eta aditu izan du nigatik esaten Compay Segundoren antza dudala edo nola mugitzen naizen taula gainean".
Erritmo karibetarra odolean eta bihotzean darama. "Hori ezinezkoa da gelditzea; are gutxiago berezkoa duzunean eta bizitza guztia horri eskaini diozunean". Gainera, uste du azken urteetan euskal jendeak lotsa gutxiago duela eta askeago dantza egiten duela. "Dantza eskolek asko lagundu dute horretan". Hala, biharko emanaldirako gerria askatzera eta gozatzera deitu ditu herritarrak.
Santo Domingotik Zarautzera, kanturik kantu
Napoleon Zayas Orquesta Dominicanan sartzeko eskaintza jaso zuen, eta taldeak Espainian jotzeko kontratua sinatu zuen. Hala, Kanarietako hotel batean aritu zen jotzen denbora luzez. Gerora, Madrilen, Bartzelonan eta beste zenbait hiritan ere eskaini zituzten emanaldiak.
Maitasun kontuak tarteko iritsi zen Euskal Herrira; lehenik, Oriora, eta ondoren, Zarautzera lekualdatu zen. Musikagintzatik kanpo, Zarautzen ezaguna da futbol ataleko masajista izan delako luzaz.