Marearteko irteera antolatu du Arkamurkak larunbaterako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 27a

Bi ume itsasoko animaliekin jolasean Mutrikuko itsasertzean. (Geoparkea)

Marea biziak aprobetxatuko dituzte itsas maila behean dagoenean inguruko bizidunak aztertzeko. Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dute.

Arkamurka natur elkarteak irteera antolatu du Mutrikura, larunbatean, itsasertzeko izaki bizidunak aztertzeko. Marea biziak izango direla aprobetxatuta antolatu dute irteera; izan ere, itsas maila ohikoa baino gehiago jaitsiko da eta ingurua zabalago aztertzeko aukera izango dute.

Hori horrela, 09:15ean jarri dute hitzordua Arkamurkako egoitzaren azpian, 11:44ean izango baita itsasbehera. Nolanahi ere, parte hartzeko interesa dutenek ez dute zertan Zarautzera agertu behar, Mutrikura joan daitezke zuzenean nahiago badute. Hala egiten dutenek Alkolea gaineko parkingean egon beharko dute 10:00etarako. Guztiek, hori bai, aldez aurretik jakinarazi beharko dute ekintzan parte hartzeko asmoa. 655 72 23 99 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidali beharko dute horretarako.

Antolatzaileek jakinarazi dute, halaber, irteeran erabiliko dituzten tresnak haiek eramango dituztela. Parte hartzaileei bustitzeko oinetakoak, eguzkiarentzako krema eta bisera eramatea gomendatu diete. Horrez gain, ohartarazi dute Arkamurkako kide direnak aseguratuta daudela, baina kanpotik joaten direnek beren ardurapean egin beharko dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide