Asteklima azoka izango da larunbat arratsaldean malekoian

Aritz Mutiozabal 2023ko irailaren 29a

Asteklima Azoka (irekia.euskadi.eus)

Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen barruan antolatu duten azoka ibiltariaren karpak jarriko dituzte, Matxitxako kalearen parean, 17:30etik 20:00etara.

Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Udalsarea 2030, Ekoetxea sareak eta Life Urban Klima 2050 Europako proiektuak sustatuta, irailaren 22tik urriaren 1era gauzatzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurtengo Asteklima, "herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea" helburu duen astebeteko egitasmoa.

Laugarren aldia du Asteklimak. Beste hainbat ekintzaren artean, Asteklima azoka ibiltaria herriz herri dabil egunotan. Hain zuzen ere, bederatzi udalerritan egingo dute azoka, eta bihar, larunbata, Zarautzen izango da. 17:30etik 20:00etara jarriko dituzte Asteklima azokaren karpak malekoian, Matxitxako kalearen parean.

Klima aldaketaren ondorioei eta eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz familiak kontzientziatzea da egitasmoaren helburua, eta jolasak, tailerrak eta informazio puntuak baliatuko dituzte horretarako. Klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, eta Urban Klima proiektua dira Asteklima azokaren bidez jorratu nahi dituzten gaiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide