Hamarnaka lagun bildu dira gaur eguerdian Zarauzko hilerrian erregimen Frankistako azken fusilatuak oroitzeko; izan ere, 48 urte bete dira gaur Juan Paredes Manot Txiki etakide zarauztarra eta Angel Otaegi etakide azpeitiarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz erail zituztenetik.
Txikiren hilobiaren aurrean egin dute omenaldia eta senide eta lagunekin batera, hainbat alderdi politiko eta erakundetako ordezkariak ere bertaratu dira. Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak gidatu du ekitaldia eta hura izan da, hain justu, hitza hartu duen lehenengoa. Alvarezek gogoratu du faxismoaren aurkako borrokan izan zuten parte hartzeagatik fusilatu zituztela gaur omendutako bost lagunak eta haien memoria aldarrikatu du.
Zentzu horretan, gogor hitz egin du bihar Legebiltzarrean onartuko duten Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea: "Dokumentua irakurri ondoren gauza bakarra esan dezakegu: lege horrek zoritxarrez ez du jasoko urte hauetan guztietan aldarrikatu duguna. Legeak frankismoaren biktimak aitortzen ditu, baina ez die erreferentziarik egiten frankismoaren aurka borroka egin zutenei eta guk biktima guztiak eta borrokalari guztiak aitortu ditzaten nahi dugu".
Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kidearen hitzaldiaren ondoren, Txikirekin plaieroetan jokatu zuen Eusebio Lasartek bertsoa eskaini dio eta harekin espetxean izan zen Kataluniako preso ohi batek hartu dio lekukoa ondoren. Lehen aldia izan du gaurko egunez Zarautzen antolatu ohi duten omenaldian eta azaldu du "adin txikikoa" atxilotu zutenean eta seigarren galerian bizi izan zuela Txikiren agurra: "Gau osoan entzun ziren kolpeak espetxeko zelda guztietako ateetan eta Txiki babestuta sentitu zen. Gainerako preso guztiek sentitu genuen, era berean, gu ginela exekutatuak izango ginenak. Ausardiarekin erori zen Txiki eta haren izena borrokako izen erreferenteetako bat bilakatu zen espetxean ginenontzat".
Jarraian, Txikiren ilobetako batek aurreskua eskaini dio osabari eta lagun talde batek abestia. Luis Eduardo Auteren Al Alba, hain zuzen ere, zenbait zati euskaratua. Amaitu ere, kantuan amaitu dute; Txikik berak idatzitako letratik sortutako kantua abestu dute, lehenik eta behin, eta, Eusko Gudariak, azkenik.
Aipatzekoa da, halaber, ekitaldiaren aurretik adierazpenak eman dituela Haimar Altuna Sorturen Nazio Kontseiluko kideak Zarauzko hilerrian bildutako hedabideen aurrean. Altunak nabarmendu duenez, "Francoren erregimenaren helburua zen Euskal Herriaren askatasun nahia itotzea, baina ez zuen lortu".