Zarautz Kirol Elkarteko emakumezkoak, 25 urtez futbolean

Maria Maya Manterola 2023ko irailaren 24a

Hotel Zarautzen egin zuten atzo futbolariek bazkaria urteurrena ospatzeko, eta sorpresatxo bat ere izan zuten: Irene Paredesen gutuna. Haren hitzetan, Zarautz Kirol Elkartea erreferente izan da emakumezkoen futbolean.

Jada 25 urte igaro dira Zarautz Kirol Elkarteak emakumezkoen futbol taldea atera zuenetik, eta urteurrena ospatzeko, futbolariak Hotel Zarautzen bildu ziren atzo, larunbata. Horiei guztiei aurreskua eskaini zieten jatetxearen atarian, eta sorpresa bat ere izan zuten. Izan ere, urteurrenaren harira, Irene Paredesen gutuna irakurri zuen haren amak: 

Eguerdi on guztioi,

Gustatuko litzaidake gaur zuekin egotea, baina espainiko selekzioarekin nago eta ezinezkoa izan dut ospakizun polit honetan egotea.

Pertsonalki, eskerrak eman nahi nizkizuen, egun batean zarautzeko futbol zelaian emakumezkoen tokia eskatzera agertu zinetenoi. Baita horien ondoan egon zinetenoi ere, eta nola ez Belmonte eta Martijari, uneoro berme eta borrokaren parte izateagatik.

Zarautz Kirol Elkartea, erreferente izan da emakumezkoen futbolean, izan dituen taldeei dagokionez, belar naturalean jokatzeagatik eta hortik lehenengo mailara salto egin dugun jokalariengatik.
Nik arro esaten dut zarautzen jokatu nuela, gainera urte horretan niri eta nire familiarekin izandako jarrera Eskertuko ditut beti.

Dakigunez, futbola mutilen mundua zela erakutsi digute beti. Egun hauetan ikusten jarraitzen dugun bezala, asko dago egiteko, garbitzeko eta garatzeko. Baina, momentu jakin batean zuek bezalako pertsona ausartak behar izan genituen, gaur, guk aukera gehiago eta baldintza hobeak eduki ahal izateko. Eskerrik asko.

Gozatu ospakizunaz, merezi duzue eta.
Muxu handi bat eta laster arte.

Irene

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide